SARTU, IRAKURRI, ENTZUN, IKUSI ETA GOZATU

jueves, 4 de noviembre de 2010

Testu birtuala

“ZERGATIK INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIA BERRIAK?” Lehenik eta behin, esan beharra dago, testu honetan aurkezten diren ideiak modu logiko batean antolatzen direla eta, ondorioz, beste asko baino ulergarriagoa eta irakurterrazagoa dela. Gainera, gai interesgarriak jorratzen ditu eta oso baliagarria gertatu zait hainbat iritzi kolokan jarri eta nire ideiak nolabait argitzeko. Izan ere, artikuluan, idazlea, teknologia berrien definizioaren, horiek hezkuntzan eta gizartean duten presentziaren, beraien abantaila eta desabantailen eta teknologia berriak eskolan sartzeko beharraren inguruan mintzatzen da. Hau guzti hau irakurri ondoren, teknologia berriak eskolan sartu behar al dira? Eta, zergatik? Galdera hauei erantzuna eman ahal izan diet. Orain arteko testuetan, gai honen inguruko iritziak plazaratu zaizkigu teknologia berrien erabileraren aldeko jarrerak agertuz, baina, era berean, arriskutsuak izan daitezkeela eta eskolan sartu aurretik hausnarketa sakon baten beharra dagoela ere azpimarratzen izan dute. Are gehiago, onura baino desabantaila gehiago aipatzen izan dira, batez ere, honen aurretik irakurritako azkeneko artikuluan, horrek beldurra eta zalantzak sorraratzen dituelarik. Hala ere, egia esan, testu honetan aipatzen den moduan, gizarte bakoitzak bere teknologia berriak izan ditu eta horiek erabateko aldaketa eragin dute. Ildo horretatik, egunotan, multimedia baliabideak eta, batez ere, ordenagailuekin eta internetekin erlazionatutako bitarteko berriek gure bizimodua errotik aldatu digute, gaur egun, informazio eta komunikazio birtuala gailentzen ari direlarik. Gainera, edozeinek eskuratu dezake teknologia, hitzak, testuak, irudiak eta soinuak euskarri bakarrean izan eta datuak modu atseginago batean jasotzea ahalbidetzen duelarik. Eta, ez hori bakarrik, jasotzeaz gain, informazioa bidali, elkarreragin eta komunikatu ere egin gaitezke. Honen haritik, askotan, horixe hartzen da teknologia berriak eskolan sartzearen aldeko arrazoi nagusietako baten moduan, hots, informazio eguneratu, erakargarri, dinamiko eta interaktiboarekin lan egin eta gehiago ikasiko dutela, ondorioz, horien beharra azpimarratuz. Alabaina, hau ez da egia osoa. Izan ere, sarean informazio piloa badago ere, guztia ez da fidagarri edota erabilgarria eta dinamikotasun eta erakargarritasuna galdu egiten dira. Gainera, teknologia ez dago guztion esku, dirua dutenek bakarrik darabilte, eskoletan nazioarteko kulturak ezagutu eta beste herrialde batzuetako haurrekin komunikatzeko eta umeak aberasteko aukera eskaintzen dutela baieztatzea, neurri batean gezurra esatea delarik. Haurrak beraien antzeko kultura maila eta bizimodua duten pertsonekin bakarrik komunikatuko dira, Afrikako herri pobre batean gosez hiltzen dagoen haur batek ez baitu internetera konektatzeko aukera handiegirik izango. Halaber, hauekin batera, teknologia berriak eskolan sartzea ezinbestekotzat hartzen da gizartean egunero eta uneoro erabili beharra dauzkagulako eta, ondorioz, horiek maneiatzen trebatu beharra daukagula uste delako. Beste askok, aldiz, teknologia eskolara iristearen kontua negozio gisa ikusten dute, enpresa handiek motibatutako zerbait bezala. Baina, errealitatea honako hau da: umeak ohetik altxatu eta gosaltzera joaten dira, bitartean, telebista piztuz. Ondoren, etxeko portaletik irten eta izkinako horman kartel bat ikusten dute zerbaiten propagandarekin. Metroan, ordea, pantaila txikietan, oharkabean, irudi erakargarriak erakusten dira. Edozein txartel erosterakoan, iragarki eta logotipoak daude makinetan kolore bizi-biziekin eta, eskolatik irten eta lanak egiteko interneten sartutakoan, informazioa eta mezuak dira nagusi. Haurrek, teknologia berrien bitartez, irudi eta bestelako baliabideak erabiliz, mezuen bonbardaketa pairatzen dute jaiotzen diren egunetik bertatik hasita. Ondorioz, eskolan, hauek interpretatzeko bitartekoak eskaini behar dizkiegu. Hau da, azken finean, gizartea aldatu egin da eta teknologia berriek inguratzen gaituzte, inkontzienteki jarrera eta ikuspegiak erakutsi eta transmititzen dizkiguten teknologia berriek, hain zuzen ere, botere hezitzaile eta manipulatzailea duten teknologia berriek. Izan ere, horiek bide direla inolako filtro edota hausnarketarik gabe mezuak etengabe ikusi, entzun, irakurri eta sentitzen ditugu, barneratuz, konturatu gabe gure askatasuna eta kritikotasuna galduz. Hori dela eta, teknologia berriak eskoletan sartzea ezinbestekoa dela deritzot, bai, baina ez horiek nola funtzionatzen duten ikasteko edota informazio eguneratuarekin lan egiteko bakarrik, baizik eta, batez ere, egunero horien bitartez jasotzen ditugun estimulu, irudi, informazio eta mezuak ezagutu, aztertu, horiek barneratzen ditugunaren kontziente izan, guzti horren aurrean kritikoki aritu eta beraien bizitzaren jabe bihurturik, erabakiak hartzeko gai diren haurrak hezteko. Hau da, teknologia berrien deskodetzean alfabetatzeko, besteek beraiei komunikatu nahi dietena ikusten jakin eta txotxongilo hutsak izateari uzteko, inoren menpe egotetik, aske, autonomo eta kritiko izatera igarotzeko. Horrela, pertsona moduan hezi, hazi eta benetan gertatzen denaz jabeturik, etorkizun hobe baten alde egiteko gai izan daitezen. Amaitzeko, esan beharra daukat, hau guztia testu honi eta klasean izandako eztabaidari esker pentsatu ahal izan dudala eta, horrek guztiak, orain arte zalantzak izan baditut ere, teknologia berriak eskolan sartzea nahitaezkoa dela ikustea ahalbidetu didala eta, batez ere, horretarako dagoen benetako arrazoia ulertu ahal izan dudala. Beraz, oso testu aberasgarria eta argigarria izan da, etorkizunean, irakasle lanetan aritzen banaiz, gogoan hatzeko modukoa nire lana ondo burutu eta haurrei hezkuntza egokia eskaini nahi badiet, behintzat!

No hay comentarios:

Publicar un comentario